lunes, 15 de marzo de 2010

Autodeterminazio eskubide librea

Autodeterminazio eskubidearen aurkako militanteei zuzenduta batez ere... duela gutxi Europako erdiadean, eskubide honen indarrean jartzearen adibide demokratiko, baketsu zein legala bizi ahal izan dugu, inolako gerra zibilik edota abertzaletasun fratizidarik gabe.


Penagarria da, benetan, ikuspuntu demokratiko zehatz batetik bada ere, Javier Solana ospetsuari eskubide hau aplikagarria izan ahal izana egungo Europar Batasunean 'delirium tremens' zela entzutea.

Estatu espainiarreko hainbat politiko eta kazetariren aurrean, autodeterminazioaren aldarrikapena erridikulotzat jotzen zituztenak, euskal, kataluniarren, kurdo, txetxeniar, korso edo edonongo nazionalisten amets ero eta utopikoak -eta hortan dihardute-, Montenegro herriak aintzineko eta oinarrizko eskubide honen balioa guztion bistan jarri digu. Eta, jaun andreok, eskubide hau edozein herriri dagokio - hala erabakitzen badu - ez bakarrik koloni-ohiak izan zirenei.
Egin beharreko galdera zera da: zergatik ez?


Hasteko, EBak berak baldintza gogor gogorrak ezarri zituen Montenegroko erreferendumaren aldeko emaitza onartzeko, hots, botuen %55a, juridikoki zailki defenditzen dena. EBak berberak bere unean Slobodan Milosevic presidente faszistaren tirania gainditzeko lagundu zuen Montenegroko alderatzea... koherentzi falta galanta.

Hala eta guztiz ere, Europar Batasunak Yugoslaviako errepublika ezberdinen autodeterminazio eskubidea onartu egin zuela azkenik, 1991ko Konstituzioan xedatutakoan oinarrituta. Beraz, ezin izango luke horrez geroztik erizpide hau aldatu eta bere momentuan independentzia bereganatu ez zuen bakarrak nola edo hala eskubide hori mantenduko zuen geroan, bere biztanleriko gehiengo kualifikatu batek hala erabakiko balu. Ba horrela izan zen.

Zenbait Estatuko politikarik, aipatutako Solana, besteak beste, Europar Batasunaren barruan autodeterminazio eskubidea indarrean egon ahal izana ukatzen dute, lotsarik gabe. Javier maitea... zeren arabera Alemania batu egin zen Berlingo harresia jausi zenenan? bai, jauna autodeterminazio eskubidea...eta nork esan zuen ezer horren aurka orduan?

Argi dagoena da, era berean, Europar Batasunean ez dela inolako araudirik eskubide honen aplikazioa debekatzen duenik, edota Estatu kide den batek aukera hori zabaltzea eragozten duenik.

Inor ez da konparatzen ari Montenegro Euskadi, Catalunya, Irlanda, Québec edo Kosovo herrialdeekin. Bakoitzak berezko oin ezaugarriak ditu, horixe.

Edonolaz ere, aipatutako edozein herrialde berez kolektibitatea dela - lurralde zehaztua, kultura, hizkuntza, historia eta nortasun propioa dutenak - herria edo komunitatea deituak izan ahal izateko beharrezko osagai guztiekin...hau da, berez erabakitzeko eskubide guztien subjektu aktiboak, beren Legebiltzarrek zehazten duten gehiengo legalekin. Herrialde bakoitzak erabaki dezala beretzat nahi duen giza-politiko antolakuntza: autonomia estatu baten barruan, estatua berez, estatu baten baten barruko federazioa...

Herriaren borondatea errespetatu, besterik ez, aurreritzi edota taburik gabe. Benetazko demokrazia, atzo, gaur eta bihar... demos cratos.

No hay comentarios:

Publicar un comentario